|
AGIRI ANITZAK - MANIFESTUA Espainiako Konstituzioaren 3. artikuluak dioenez, gaztelania da Estatuko hizkuntza ofiziala, eta Estatuko gainerako hizkuntzei dagokienez, autonomia erkidego bakoitzean bertako autonomia estatutuak dioenaren arabera izango dira ofizial. Espainiako hizkuntza aniztasunak, bestetik, begirune osoa eta babes berezia merezi duela dio aipaturiko artikuluak. Estatuaren izaera eleanitza errespetatzeko eta babesteko agindu konstituzionala hor egon arren, gaztelania ez beste hizkuntzek -Espainiako biztanleriaren %40 baino gehiago bizi den lurraldeetan hitz egiten dira- , 20 urte luze baino gehiago eman dituzte garrantzi sinboliko eta praktiko handia duten arloetatik at, horien artean, esate baterako, hiritarren agiri pertsonalak (nortasun agiri nazionala, pasaportea eta gidatzeko baimena) eta atzerriko egoiliarren dokumentazioa, zeinak, immigrazioa etengabe hazten ari den garai honetan, inoiz ez bezalako garrantzia hartu duen. Espainiako praktika oso bestelakoa da Europako zein munduko beste demokrazia eleanitzekin alderatuz gero, horietan hizkuntza aniztasuna euren agirietan txertatzen baitute, eta era honetan, hizkuntza desberdinetako hiritarrak aintzat hartzeaz gain, hiritar orok bere agirietan, edozein hizkuntza darabilela ere, eta baita atzerriko egoiliarrek ere, gizartearen eleaniztasuna islatua ikusteko eta hizkuntza bere egiteko aukera izango du. Hala, Belgikak bere nortasun agirian eta pasaportean frantsesa eta nederlandera txertatzen ditu, baina baita alemana ere, biztanleriaren ehuneko 1ak bakarrik hitz egin arren; Finlandian finlandiera eta suediera erabiltzen dira agiri orotan; Kanadak gauza bera egiten du ingelesa eta frantsesarekin, eta Suitzako nortasun agiriek Estatuko lau hizkuntza ofizialak jasotzen dituzte (frantsesa, alemana, italiera eta erromantxera, Belgikan alemana legez, biztanleriaren ehuneko 1ak bakarrik hitz egiten duen arren). Lau kasu hauetan eleaniztasuna present dago agiri guztietan, pasaportea barne, interesatuak aurrez inolako eskaera berezirik egin beharrik gabe, agiria egiten den lekuan egiten dela. Gaztelaniaz gain beste hizkuntzak erabiltzen ditugun espainiar hiritar garenez, hizkuntzok geure nortasun agirietan aintzatetsiak izatea nahi dugu. Halaber, Estatuko gizarteak ezagutzea eta Estatuaren izaera eleanitzaz jabetzea nahi dugu. Hori horrela, Europako Batasunak eta Europako Kontseiluak deiturik Europako Batasunaren baitan hizkuntza aniztasunak suposatzen duen aberastasunaz jabetzeko, horren kontzientzia sustatzeko eta eleaniztasuna bultzatzeko Hizkuntzen Europako Urtea ospatzen dela eta, dei bat luzatzen diegu gure agintariei, Espainiako nortasun agiriek ahalik eta azkarren izan dezaten munduko beste demokrazia eleanitzetan aplikatzen den hizkuntza erregimena, eta Espainiako hizkuntza aniztasunaren begirune eta zaintzaren agindu konstituzionala egiaz gauza dadin.
© Mª Jesus Iartza. |