Bidalitako gutunak

Nafarroako Parlamentuko

50 hartzaile

2001.04.28


Jaun-andere agurgarria,

Seiluetan eta bestelako posta gaietan Estatuko hizkuntzen presentzia arautzeko lege proposamenaren alde bozkatu zuen Nafarroako Parlamentuko diputatuetako bat zaitugunez gero, atsegin handiz bidaltzen dizugu munduko aldizkari filatelikorik ospetsuenetariko batean, hau da, American Philatelic Society-k argitaratzen duen American Philatelist-en, azaldu den "Languages on Stamps: Spain" artikuluaren kopia bat. Ikusi ahal izango duzunez, seilu espainiarren egungo hizkuntza eraentzaren eta Estatuko errealitate eleanitzera egokitzeko azkenaldian sortu diren ekimen parlamentarioen berri ematen da bertan.

Bide batez, aipatutako lege proposamenak aurrera egiteko bai zerorrek, bai zure alderdi politikoak eman duzuen laguntza eskertu nahiko genizuke, eta baita gure elkarteak bultzatutako "Sellos plurales - Seilu anitzak" kanpaina hiritarrak izan duen arrakastagatik ere. Lankidetza honi esker, euskara ere atxiki egin zaio Estatuan gaztelaniaz gain dauden hizkuntzak seiluetan sartzeko eskaerari, Nafarroako biztanle guztien ondare baita hizkuntza hau.

Era berean, jakinarazi nahi dizugu Organització pel Multilingüisme erakundeak Nafarroako Parlamentuarekin eta oro har gizarte nafar osoarekin hartu duen konpromiso moralaren harian, ez dugula "Sellos plurales - Seilu anitzak" kanpaina hiritarra amaitutzat emango, harik eta Estatu espainiarrean gaztelaniaz gain dauden hizkuntza guztiak seiluetan eta bestelako posta gai guztietan behin betiko presente egongo direla arautuko duen lege estatal bat onartu arte. Horretarako, irizpide hauek hartuko dira kontuan: 

· Gaztelania ez beste hizkuntzek seiluetan izango duten presentzia, hizkuntza ofizial propioa duten autonomia erkidegoek Espainia osoko demografiarekiko daukaten biztanleriarekiko proportzionala izango da.

· Gaztelania ez beste hizkuntzetako seiluetan, hizkuntza horietan ipiniko dira testu eta inskripzio guztiak, baina, inolako salbuespenik gabe, "España" eta "Correos" inskripzioak azalduko dira betiere.

· Seilu elebidunetan (gaztelania-beste hizkuntza bat) trataera formal berbera jasoko dute bi hizkuntzek, eta aldatu egingo da beren posizioa, ez dadin inolako hizkuntza hierarkiaren ideiarik isla.

Amaitzeko, hainbat argudio aurkezten dizkizugu jarraian, seiluen eta "Sellos plurales - Seilu anitzak" kanpaina hiritarraren garrantziaz jabetzeko:

· Seiluak ez dira desagertuko. Seiluak, zerbitzu bat zergapetzeko tasak direnez gero, aldatu egin daitezke (seilu itsasgarriak, aurreinprimatutakoak, etab.), baina ez dira desagertuko. Posta zerbitzuak urtero kudeatzen dituen 5.000 milioitik gorako posta gaiek seiluren bat izaten jarraituko dute.

· Mundu osoari zabaldutako leiho bat. Espainiako seiluetan Estatuan zehar gaztelaniaz gain dauden hizkuntzak agertzen hasten direnean, mundu guztiko jendeak Espainiako hizkuntza aberastasuna zuzenean ezagutzeko aukera izango du.

· Estatuko erakundeek biztanleen hizkuntza aberastasunera hurbildu behar dute. Belgika, Suitza edo Kanada moduko Estatu eleanitza da Espainia, baina oraindik ez du bere hizkuntza eta kultur aniztasuna aipatutako herrialde horiek bezainbeste aintzatesten. Gaztelaniaz gain dauden hizkuntza horiek seilu eta bestelako posta gaietan sartzea, gure aniztasuna aintzatesteko lehenengo urrats bat izan daiteke, oso garrantzitsua, eta Estatuarentzat inolako kostu ekonomikorik izango ez lukeena.

Gutun honi, "Sellos plurales - Seilu anitzak" kanpaina hiritarrari eta gure elkarteari merezi duten arreta ipiniko diezulakoan, jaso ezazu agur bero bat gure aldetik.

Manlleu, astelehena, 2001eko apirilaren 30a 

Organització pel Multilingüisme

Albert Branchadell Presidentea
Joan Moles Bozeramaile exekutiboa
Joan Vilarnau Idazkaria
Joan Berenguer Diruzaina